- BIZITEK da IKERLANen historia eta lorpenak balioan jartzen dituen eta bisitaria teknologia bizitzera gonbidatzen duen erakusketaren izena.
- Erakusketa azaroaren 13ra arte egongo da ikusgai Arrasateko Kulturate zentroan.
- Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko, Arrasateko Udaleko eta MONDRAGON Korporazioko ordezkariek ere parte hartu dute.
IKERLAN zentro teknologikoak gaur itxi du bere 50. urteurrenaren ospakizunen programa, Imanol Pradales-ek inauguratu duen BIZITEK, 50 urte teknologia bizitzen erakusketarekin.
Ekitaldian, lehendakariak IKERLAN zoriondu du bere ibilbide luze eta emankorragatik, eta zentro horrek euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko duen zeregin garrantzitsua eskertu du. "Aitzindariak izan zineten, eta gaur etorkizunera begira jarraitzen duzuela egiaztatu ahal izan dugu. Ez da batere erraza 50 urtez lehiakorrak izaten eta industriari irtenbideak etengabe eskaintzen jarraitzea ", adierazi du. Era berean, zentro horrek euskal industrian duen eragina nabarmendu du. "Zuen lanak zuzeneko translazioa du gure enpresa- eta industria-ehunean. Eragin horrek lehiakorragoak, hobeak izatera garamatza".
Bestalde, Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak eskerrak eman dizkie erakundeei, beste zentro teknologiko askorentzat eredu izan den proiektu sozio-enpresarial bakar hau sortzeko etengabeko laguntza emateagatik. “Mundua eraldatzeko sortu ziren MONDRAGONeko kooperatibak, mundua hobetzen saiatzeko eta pixka bat justuago bihurtzeko. Duela 50 urte IKERLAN sortu zuten pertsonek eta erakundeek helburu hori bera bilatzen zuten teknologiaren transferentziaren bidez, eta gai izan ziren indarrak batzeko eta proiektu sozio-enpresarial bakarra sortzeko. Gaur, inoiz baino harroago gaude pertsonak erdigunean jartzen dituen, bezeroei konpromisoa eta zorroztasuna eskaintzen dien eta hurrengo belaunaldiei ahalik eta etorkizun onena utzi nahi dien proiektu kolektibo baten parte izateaz”.
BIZITEK da IKERLANen historia eta lorpenak bere proiektu eta ekimenekin balioan jartzen dituen erakusketaren izena, eta IKERLAN gaur egun ikerketaren eta transferentziaren abangoardiako zentro teknologikoa izaten lagundu duten milaka pertsonen aintzatesteko balio nahi du.
Bisitan, agintariek eta gonbidatutako beste pertsona batzuek erakusketa osatzen duten bost arloak zeharkatu dituzte: Historia, Pertsonak, Inpaktua, Garapen Teknologikoa eta Etorkizuna. Informazio-panelen, argazkien, audioen, bideoen eta garapen teknologiko esanguratsuenetako batzuen bidez, lehen pertsonan bizi ahal izan dute IKERLANen iragana, oraina eta etorkizuna. Azken batean, historia zeharkatzen duen zentro teknologiko baten bizipena, 1974an inguruko kooperatiben beharrei zerbitzua emateko martxan jarri zenetik, herrialdeko enpresa guztien zerbitzura erreferentziazko zentro teknologiko gisa finkatu zen arte, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, energia edo mekatronika bezalako abangoardiako teknologietan.
Erakusketak espazio berezi bat gordetzen die proiektuaren benetako protagonistei, pertsonei, hamarkadetan zehar IKERLANen parte izan diren hainbat pertsonaren testigantzarekin. Gainera, bisitariari proposatzen zaio historia mugarri esanguratsuenen bidez zeharkatzea, hala nola, Estatuko lehen robot industrialaren sorrera, NASArekin espaziora egindako bidaia, ORONA IDEOn egindako ikerketa energetikoaren aldeko apustua edo zibersegurtasun laborategiak berriki lortutako ENAC akreditazioa, nazioartean aitzindaria.
Bitxikerietarako tarteak ere izango dira. Bertan, IKERLANen bere ibilbide profesionala zein aurkezle ezagunek hasi zuen ikusi ahal izango da, edo 2074ra eramango zaituen denboraren kapsulan bidaia bat egin.
Erakusketa 17: 30etik 20: 30era egongo da irekita, astelehenetik larunbatera, azaroaren 13ra arte, Arrasateko Kulturate kulturgunean. Amaiera bikaina emango dio urtebeteko ospakizunei, eta IKERLANek zentro teknologikoa osatzen duten edo osatu duten pertsonekin partekatu ditu, baita bezeroekin, erakunde laguntzaileekin, agintariekin eta, oro har, gizartearekin ere, bost hamarkada hauetako mugarri, garapen eta bizipenak.
Erreferente bat gure mugen barruan eta kanpoan
Zentroak 30,8 M €-ko fakturazio errekorra lortu zuen 2023an, eta liderra da enpresentzako transferentzia teknologikoan eta funtsezko eragilea da lehiakortasunerako hainbat arlotan, hala nola zibersegurtasunean, adimen artifizialean, robotikan eta automatizazio industrialean, sistema txertatuetan, mekatronikan edo energia elektrikoaren biltegiratzean eta bihurketan.
140 bezero baino gehiagoko zorro dibertsifikatua du, ORONA, CAF, ULMA, FAGOR edo INGETEAM bezalako enpresa-talde garrantzitsuetakoak inguru hurbilenean, eta multinazional garrantzitsuak ere bai, hala nola GENERAL ELECTRIC, NESTLE, TELEFONICA edo ACCENTURE nazioartean.
Horrez gain, IKERLANek tokiko 80 enpresa txiki eta ertainekin baino gehiagorekin kolaboratzen du urtero 160 proiektu baino gehiagotan, hau da, bere bezero zorroaren % 50 baino gehiago eta zentroaren fakturazio osoaren % 20.
Aipagarria da, halaber, tokiko eta estatuko hezkuntza-sarearekin duen harreman estua, eta inbertsio handia egin duela pertsonen esparruan, zentroaren eta gizartearen etorkizuneko erronkei erantzuteko gai den talentua prestatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko bere misioan. Lan horretan dihardute gaur egun IKERLAN proiektuan parte hartzen duten 400 pertsonak baino gehiagok.
Gainera, IKERLANek ekarpen nabarmena egiten dio herrialdeko enpresa-sarea berroneratzeari, teknologikoki punta-puntakoak diren enpresa berriak sortuz. Horren adibide dira 2023an sortzen lagundu zuten hiru enpresa-ekimen berriak (bat zibersegurtasunean, beste bat energia biltegiratzean eta beste bat kirolari aplikatutako adimen artifizialean).
IKERLANi buruz
IKERLANen misioa da gure ingurunearen garapen ekonomiko eta sozial jasangarriari laguntzea, enplegua eta aberastasuna sortuz eta soluzio teknologikoak eta pertsona espezializatuak enpresetara transferituz eta oinarri teknologikoko enpresa-ekimen berriak sortuz. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo handitan arlo teknologiko desberdinak konbinatuz: teknologia digitalak eta adimen artifiziala, sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta teknologia mekatronikoak eta energiaren esparrukoak. Gaur egun, 420 lagunek osatutako taldea du, eta egoitzak Arrasaten, Donostian eta Bilbon. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den kooperatiba gisa, IKERLAN enpresa-eredu jasangarria, lehiakorra eta etengabe aldatzen ari dena da.
Erakusketak bidaia interaktibo, ikus-entzunezko eta parte-hartzaile bat proposatzen du, IKERLANen historia, pertsonak, garapen teknologikoak eta hark sortutako inpaktua ezagutzeko, eta keinu bat egiten dio etorkizun teknologikoari.