- EMC laborategiarekin integratuta, IKERLANek garapen elektronikoaren ziklo osoa estaltzen duen zerbitzu integrala eskaintzen du, lurraldeko industria-lehiakortasuna indartuz.
IKERLAN zentro teknologikoak elektronika aurreratuko laborategi berria inauguratu du Arrasateko egoitzan. Azpiegitura honek industriari aukera emango dio produktuen garapen-zikloak nabarmen laburtzeko, diseinutik azken balidaziora arte.
Euskadin bakarra den laborategi honen berrikuntza nagusia plaka elektronikoak (PCB) barnean garatzeko gaitasuna da. Orain arte, prozesu hori kanpora azpikontratatzen zen, eta horrek epeetan zein hornidura-katearekiko mendekotasunean eragina zuen. Integrazio honi esker, prototipoen garapena aste batzuetatik egun gutxira murriztu daiteke.
Laborategia bateragarritasun elektromagnetikoko (EMC) saiakuntza-laborategiarekin integratuta dago, eta horri esker produktu elektronikoaren garapen-ziklo osoa ingurune bakarrean lantzen da: diseinua, prototipatzea, egiaztapena, arazoen detekzio goiztiarra, balidazioa eta industrializaziorako prestaketa.
“Enpresek gero eta azkarrago garatu behar dute, aldaerak probatu eta diseinuak epe oso laburretan egokitu. Laborategi honekin behar horri erantzuten diogu, prototipoen arintasuna eta fidagarritasuna handituz”, adierazi du Ion Etxeberriak, IKERLANeko zuzendari nagusiak, inaugurazio-ekitaldian.
Laborategi berriak IKERLANen posizionamendua sendotzen du industriarako erreferentziazko bazkide teknologiko gisa, autonomia teknologikoa eta hornidura-kateen erresilientzia funtsezkoak diren testuinguruan.
Azpiegiturak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du. Inaugurazioan parte hartu dute Unai Anduezak, Ekonomia Sustapeneko diputatuak; Jon Gurrutxaga diputazioko berrikuntza zuzendariak; Ion Etxeberriak; Jon Pérezek, IKERLANeko Sistema Elektroniko Txertatuen eta Zibersegurtasunaren zuzendariak; Pello Rodríguez MONDRAGONeko presidenteak; eta laborategia bertatik bertara ezagutu nahi izan duten hainbat enpresetako ordezkariek.
Bisitan, Anduezak nabarmendu du azpiegitura honek “berrikuntzaren azelerazioa bultzatzen duela eta Gipuzkoako industria-sarearen lehiakortasuna indartzen duela, lankidetza publiko-pribatuaren adibide argia izanik”.

IKERLANeko PCB laborategiaren ezaugarri nagusiak
Azpiegituraren ezaugarri bereizgarrienetako bat 8 geruzarainoko PCBak barnean garatzeko gaitasuna da, dentsitate handiko interkonexioak (HDI) ahalbidetzen dituzten laser-teknologiako prozesuen bidez; gaitasun hori ez da ohikoa inguruko industria-ingurunean.
Laborategiak muntaketa elektronikoko prozesu nagusiak automatizatzeko ekipamendu aurreratua du, besteak beste, doitasun handiko kokapen-sistema automatikoak —minutu gutxitan milaka osagai kokatzeko gai direnak— eta prototipoen kalitatea eta fidagarritasuna bermatzen dituzten soldadura-teknologiak. Horri esker, garapen-denborak nabarmen laburtzen dira eta prototipatzearen sendotasuna handitzen da, bereziki elektronika aurreratuko aplikazioetan.
“Eskuzko prozesu motelak atzean utzi, eta garapena bizkortzen duen ingurune teknologiko batera igaro gara; horri esker, prototipo fidagarriagoak epe askoz laburragoetan eskaintzen ditugu”, azaldu du Jon Pérezek.

Malgutasuna, segurtasuna eta ikerketa
Laborategiak eskaintzen duen arintasunaz eta malgutasunaz gain, azpiegitura berriak IKERLANen ikerketa-gaitasuna ere indartzen du. Arkitektura elektroniko berriekin esperimentazioa errazten du, eta horien aplikazioa ahalbidetzen du potentzia-elektronikan, sistema txertatuetan eta adimen artifizial txertatuan.
Era berean, aukera berriak irekitzen ditu hardware zibersegurtasunaren arloan, gailu elektronikoen segurtasuna ingurune kritikoetan aztertu eta indartzeko.
Laborategi hau zentroko beste azpiegitura aurreratuei gehitzen zaie —Digilab, Energylab eta Mech Lab—, eta, horrela, industriarekiko bazkide teknologiko gisa duen posizionamendua sendotzen duen ekosistema teknologiko integrala osatzen du.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin hornitutako laborategi berriak enpresei aukera emango die sistema elektronikoak ingurune bakar batean diseinatu, prototipatu eta ekoizteko, garapen-epeak laburtuz eta nazioarteko hornitzaileekiko mendekotasuna murriztuz.