• Bere diseinuari esker, energia bi norabidetan transferitzea ahalbidetzen du: energia kargatu edo deskargatu unean uneko behar energetikoa hornitzeko.
  • IKERLANek garatutako teknologia beste sistema batzuetara eskalatu daiteke, hala nola robot logistikoetara, droneetara edo trenetara.

Dagoeneko posible da auto elektrikoa ibilgailutik jaitsi gabe kargatzea. Premium PSU potentzia-elektronikaren fabrikatzaileak, FLOOX spin off-aren bidez —ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko eta ultraazkarreko soluzioetan espezializatua—, eta IKERLAN zentro teknologikoak ibilgailu elektrikoentzako bi noranzkoko eta efizientzia handiko haririk gabeko kargagailuen belaunaldi berri bat garatu dute. Proposamen aitzindaria, mugikortasun elektriko eroso garbi eta konektatuago baterako bidea irekitzen duena.

7,5 kW-eko soluzio bat da, ibilgailu elektriko arinen kargarako erabiltzen dena, eta 22 kW-eko karga erdi-arineko beste irtenbide bat, industria-aplikazioetarako egokia, hala nola ibilgailu elektriko astunetarako, merkataritza-zentroetarako eta bulegoetarako. Bi kargagailuek sare elektrikotik xurgatzen duten energia ibilgailura transferitzen dute, 20 cm-z bereizitako bi antenari esker (bata lurrean jarrita eta bestea ibilgailuan sartuta). Horrela, eremu elektromagnetiko bat sortzen dute, ibilgailua kablerik gabe kargatzen duena, sarearen kalitatea kaltetu gabe eta energia-sektoreak eskatutako kalitate estandar handiak betez.

Erabiltzailearentzako karga funtzional eta erosoko soluzio bat, ibilgailutik jaitsi beharrik ez duena. Gainera, sendotasun eta fidagarritasun handiagoa eskaintzen du, ez baitu atal mugikorrik eta konektorerik agerian, eta, hala, eguraldiak eragindako higadura minimizatu egiten da.

Efizientzia, bi noranzkokotasuna eta fidagarritasuna

Kargagailu horien ezaugarri nagusietako bat eraginkortasun handia da: prototipoek % 92-95eko errendimendua dute, eta gaur egun merkatuan dauden haririk gabeko kargagailuak baino hobeak dira (batez bestekoa % 85-90 bitartekoa da). Gainera, merkatuan bakarra den teknologia bat dute: bi noranzkoko karga. Horrek, ibilgailua elikatzeaz gain, bateriatik sarera edo beste gailu batzuetara energia itzultzeko aukera ematen du. “Itzalaldi bat gertatuz gero, adibidez, etxeko sare elektrikoari lagundu diezaiokete”, azaldu du Fernando Gonzálezek, proiektuan parte hartzen ari den IKERLANeko ikertzaileak, joan den apirilaren 28an egin zen hornidura-mozketa orokortuari erreferentzia eginez.

Etorkizuneko ikuspegia duen teknologia

Horrez gain, zentro teknologikoak kontakturik gabeko energia-transferentziarako sistemen garapenean duen ezagutza eta ibilbidea ere balioesten ditu González-ek: “urte asko daramatzagu garraioaren sektoreari aplika dakizkiokeen haririk gabeko karga elektrikoko soluzioak sortzen, arlo horretan etorriko denari aurrea hartuz eta gure bezeroei etorkizuneko mugikortasun elektrikoko sistemetarako teknologia aurreratu eta jasangarria eskainiz, betiere energiaren sorkuntzan inpaktua minimizatzea helburuarekin”.

Gainera, IKERLANek garatutako teknologiaren potentziala automobiletik haratago doa. “Horrelako soluzioak egokitu daitezke beste sektore batzuetan gailuak kargatzeko: robotak biltegi automatizatuetan, droneak edo trenak”, adierazi du Gonzálezek.

Martín Salvadorrek, FLOOXeko zuzendaria, ziurtatu duenez, “haririk gabeko kargagailu horien garapenak berrikuntzaren aldeko lasterketan kokatzen gaitu, soluzio erosoagoak eta automatizatuagoak bilatzen dituzten sektoreetan negozio aukera berriak irekiz. Gainera, aukera ematen digu merkatu lehiakor batean bereizteko eta floten, bezero partikularren eta hiri proiektu aurreratuen interesa erakartzeko ”.

Garapen horiek CDTIk finantzatutako eta 2023an hasi zen SMARTGREENERGY proiektuaren barruan sartzen dira. FLOOX eta IKERLANen arteko proiektu honek jarraipena ematen dio Premium PSUrekin izandako lankidetza arrakastatsuari. Lankidetza horri esker, urte horretan bertan, bihurgailu osagarri bat garatu ahal izan zen katenarien energia aprobetxatzeko eta Turingo tranbiaren klimatizazio-sistema elikatzeko.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta industriari balio lehiakorra ematen. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo handitan hainbat domeinu teknologiko konbinatuz: teknologia digitalak eta adimen artifiziala, sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta teknologia mekatronikoak eta energiaren alorrekoak. Gaur egun, 420 pertsonak osatzen dute taldea, eta Arrasaten, Donostialdean eta Bilbon ditu egoitzak. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance-ko (BRTA) kooperatiba kide den aldetik, IKERLAN enpresa-eredu jasangarria, lehiakorra eta etengabe eraldatzen ari dena da.

FLOOXi buruz

Floox Kataluniako enpresa bat da, ibilgailu elektrikoetarako kargagailu azkarrak eta ultra-azkarrak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatua. Floox 2022an sortu zen, Premium PSU enpresaren spin-off bezala, eta berehala finkatu da mugikortasun iraunkorrerako energiaren industrian erreferente gisa. 2024an, bigarren jarduera-urtean, 3,5 milioi euroko fakturazioa lortu zuen.

L’Hospitalet de Llobregaten du egoitza Flooxek, eta berrikuntza teknologikoaren, diseinu eraginkorraren eta tokiko ekoizpenaren aldeko apustua egiten du. Bere produktuen artean nabarmentzekoak dira Lynx 240 (munduko 240 kW-ko kargagailu trinkoena) eta Lyra 60/80, merkatuko trinkoenak ere bai, bakoitza bere potentziarekin. Ekipo horiei esker, bateriaren % 80raino karga daiteke minutu gutxitan, ibilgailu elektrikoa masiboki hartzea erraztuz.

Gaur egun, Flooxek Europako hainbat herrialdetara esportatzen ditu bere kargagailu azkarrak, eta aktiboki laguntzen du mugikortasun garbia,  efizientea eta irisgarria bultzatzen.

Informazio gehiagorako: https://www.flooxpower.com/

PREMIUM PSUri buruz

Premium PSU enpresak 40 urte baino gehiagoko esperientzia du DC/DC bihurgailuak, DC/AC alderanzgailuak, AC/DC elikatze-iturriak eta SAI AC/DC 50 W eta 60 kW bitartekoak diseinatzen eta fabrikatzen, oso-osorik Bartzelonan. Lau hamarkadako esperientziari esker, Premium PSUk soluzio estandarren katalogo sendo bat sortu du, eta neurrira eginiko 900 diseinu baino gehiago ditu kostuak optimizatzeko eta entrega-denborak laburtzeko. Betiere, sendotasunez, fidagarritasunez eta bermearekin.

Test aurreratuenei esker, Premium PSU-k kalitate-estandar zorrotzenak betetzen dituela ziurta dezake, eta bere aplikazioak merkatu zorrotzenetan daude, hala nola tren-merkatuan, energia-merkatuan eta industria-merkatuan. Erreferentziako zentro teknologikoekin ere lan egiten du, hala nola IKERLAN, CITCEA/UPC, Zaragozako Unibertsitateko MagicLAB eta Madrilgo PSC / Universidad Carlos III.

Informazio gehiagorako: https://premiumpsu.com/es/

IKERLAN, FLOOX, PREMIUM cargadores inalambricos

Merkatuko egungo kargagailuak baino efizientzia handiagoa dute, % 95era iritsiz.

IKERLAN, FLOOX, PREMIUM cargadores inalambricos